Ikasturte bukaerarekin batera hainbat ekitaldi izan dira eta horien guztien berri laburra ekarri nahi genuke hona.
BERTSO SAIOA ANTZOKI ZAHARREAN
Ikasturte guztia Aitor Mendiluze bertsolarekin eta ikastolako andereñoekin bertso doinu eta teknikak ikasten igaro ondoren, lan horren emaitzak guraso eta senideei erakusteko, bertso saio atsegina eskaini zuten Orixeko 5. mailako neska-mutilek. Saioa Antzoki Zaharrean izan zen maiatzaren 25ean. Guztira 200 haur inguru igo ziren oholtza gainera: Orixe, La Salle, Mariaren Bihotza eta Santo Tomas ikastetxeetako bertsolariak.
Binaka-binaka oholtza gainera atera eta eskolan prestatutako bertso eta koplak kantatu zituzten entzuleen txalo artean.
DANTZA, PANDERO ETA KANTU EMANALDIA
Ikasturte bukaeran Orixeko jaiarekin batera egin izan den dantza, pandero eta kantu emanaldia jaialdiaren aurreko ostegunean, ekainak 4, izan dugu aurten. Eguna ez ezik, lekua ere berezia izan da aurtengoan: udaletxeko pleno aretoa lepo bete zen arratsaldeko 6e
tako hitzordurako.
Egun horretan L
ehen Hezkuntzako mailetan eskolaz kanpo dantzara, panderora eta kantu tailerrera joaten diren ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa agertu zuten bertaratutako guztien gozagarri. Txikienetatik hasi eta handienetara, dantza, pandero saioak eta kantu emanaldiak tartekatuz, ia bi orduko saio ederra eskaini zuten haurrek arduradunen eta andereñoen laguntzari esker. Arratsalde atsegina igaro zuten bai haurrek eta bai ikustera bertaratu ziren guztiek.
IKASTURTE BUKAERAKO JAIA
Urtero bezala, ekainaren lehengo larunbatean ospatu genuen aurten ere Orixe Ikastola osatzen dugun guztion jaia. Larunbat goiza giro tristearekin esnatu bazen ere, orduek aurrera egin ahala giroa berotuz joan zen eta euriak jaia errespetatu zuen. Goizeko 9,30etan hasi zen jaia handienen lasterketarekin. Alde Zaharrean zehar egindako korrika saioarekin berotu ondoren, hokey eta futbol partiduak jokatu zituzten Trinitate plazan. Bien bitartean gaztelu puzgarrietan saltoka ibili ziren txikienak Zuloaga plazan. 11etan iritsi zen txikienen lasterketaren ordua eta jarraian txokolate beroa.
Indarberritu ondoren kirolak izan ziren berriz ere nagusi Trinitate plazako gunean: herri kirolak, pilota eta guraso eta monitoreen arteko futbol partidua. Zuloaga plazan, berriz, aurpegiak margotzen eta puzgarrietan saltoka jarraitu zuten.
Ordu bata aldera atera ziren buruhandi eta erraldoiak dultzaineroekin kalez-kale.
Ordu bi t’erdietatik aurrera Urgulleko patioan giro ederrean bazkaldu genuen guraso, irakasle, eta haurrek. Arratsaldean Trinitate plazako erromeriak eman zion amaiera jaiari.


