Orixe ikastolak duen jolasleku eskasia aspaldiko kontua da. Kanpanario eraikinetik Aldamar kaleko eraikinera aldatzeak onura nabariak ekarri baditu ere ez du jolaslekuen arazoa konpondu. Egun, estali gabeko bi patio txiki dira gure haurrek eraikin horretan jolasteko duten eremua. Aurtengo negu gorriak gainera agerian utzi du lehendik bagenekiena, estalkirik ezean egun askotan umeek jolas garaia eraikin barruan igaro behar dutela.
Urgulleko eraikineko jolaslekuak ere nahikoa juxtuak dira eta eskolak daraman matrikulazio gorakada ikusita gero eta nabarmenagoa da arazoa. Urgulleko eraikinak badu beste arazo bat gainera. Ibilgailuak ezin dira bertara iritsi eta larrialdi batean horrek itzuli ezinezko ondorioak ekar ditzake. Horretaz gain bertara igo ahal izateko oinezko pasadizoetatik bat itxi izanak eta bestea aldamioz inguratzeak pasabidea egoera desegokian utzi du.
Aldamar kaleko jolaslekua estaltzea dela eta zuzendaritzak aspaldi eskaera egin zuen Udaletxeko Hezkuntza sailera. Hasiera batean arazo tekniko soila zena (nola lortu estalkia lotzea etab.) orain badirudi zerbait gehiago dela, eraikina ondare katalogoan dagoela adierazi baitzaigu. Egoera honetan eta aurreko guztia aipatuta, organu gorenak zera erabaki zuen: iraunkorrak gutun bat idaztea Donostiako alkate jaunari eta Hezkuntza Sailburuari goian esandako guztia aipatzea eta soluzioak eskatzea. Espero dezagun arazo guzti hauek lehenbailehen konponbidean jartzea
