Orixe ikastolako ikasleek, arratsaldez, eskola orduak amaitutakoan eskola kiroleko jardueretan aritzeko aukera dute. Asko dira 7 urtetik aurrera horretan diharduten neska mutilak. Jarduera honen nondik norako nagusiak hobeto ezagutzeko Egoitz Ugartemendiarengana jo dugu, Orixeko kirol-koordinatzailea.
- Egia al da Orixe ikastolako ume askok eskola kiroleko jardueretan parte hartzen duela?
Egia esan parte hartzea altua da, %70a 2.mailatik hasi eta 6.mailararteko neska mutilen artean, hala ere hemendikan eskola kirolean parte hartzen ez dezuten guztiak animatu nahi zaituztet hurrengo urteari begira.
- 2008-2009 ikasturtean denera 30 taldetik gora eduki ditugu ikasturtean zehar txapelketa ezberdinetan.
- Ikastolatik kanpo judoa, atletismoa, igeriketa… egiten duten ikasleak ere baditugu.
- Bukatzen ari den ikasturte honetan nolako jarduerak egin dituzte? Adinaren arabera aldatzen dira, ezta?
Ahalik eta kirol gehien pobratu eta egitea gustatzen zaigu adin honetan oso interesgarria iruditzen zaigulako.
- 2. mailako ikasleekin hasten gara eta hauek astean saio bat izaten dute ostiraletan eta gehien bat jokoetan oinarritzen ditugu saioak. Azken hiruhilabetean berriz kirol ezberdinak lantzen ditugu (futbola, saskibaloia, hockey-a, atletismoa…)
- 3. mailatik aurrera astean bi saio izaten dituzte eta larunbat goizetan berriz partiduak.
- Benjaminetan (3. eta 4. maila) kirol ugari egiten dituzte (futbola, saskibaloia, atletismoa, rugby-a, igeriketa eta hockey-a). Benjaminetan gainera talde mixtoak egiten ditugu eta hiruhilabetero aurrez aipaturiko kirolen bat burutzen dute.
- Alebinetan (5. eta 6. maila) berriz, neskak eta mutilak banandu egiten ditugu eta aurten adibidez neskek hockey-a eta futbola egin dute. Mutilek aldiz, futbola (hondartzan) eta saskibaloia urte osoan zehar.
- Honetaz aparte ostiral arratsaldetan trinitate plazan pilota eskola daukagu 2 txandetan banatuta lehenengo benjaminentzat eta ondoren alebinentzat. Alebinak gainera larunbat arratsaldetan partiduak jokatzen dituzte.
- . Asteroko jarduerak ez ezik, urtean hiru bat aldiz –igandez– egun osoko irteerak ere egiten dituzue, ezta?
Bai hala da, hiruhilabetero jarduera bereziak antolatzen ditugu.
- Lehenengo hiruhilabetean mendi irteera bat antolatzen da eta bertan ikastola osoko haur eta gurasoak hartu dezakete parte.
- Bigarren hiruhilabetean berriz, 5. eta 6. mailako ikasleentzat ski irteera bat antolatzen degu Somportera (Candanchu ondoan) fondoko skia egitera. Ski irteera hau gainera bi egunetakoa izan ohi da, gau bat Jacan edo inguruko albergueren batean pasatzen dugu. Eskiatzeaz aparte elurraz gozatzeko aukera paregabea izaten dugu.
- Azken hiruhilabetean Narbartera (Nafarroa) joaten gara eta bertan abentura jarduera ezberdinak egiten ditugu. Aurten goizean Canoraft (piraguismo antzekoa) eta arratsaldean zuhaitzez zuhaitz soka eta oztopo ezberdinez osatutako zirkuituak eginez pasa genuen eguna.
- Irteera hauetan gainera urtean zehar kiroletan parte hartzen ez duten ikasleak ere parte hartzeko aukera izaten dute.
- Eta datorren ikasturteari begira nolako eskaintza aurreikusten duzue?
Urteroko eskaintza nahiko zabala izaten da eta hurrengo urterako berritasun bat sartu nahian gabiltza. Kirol Patronatua eta beste zenbait ikastolarekin benjaminetan 3. hiruhilabetean eskubaloia egiteko aukera aztertzen ari gara. Lehenengo 2 hiruhilabetetan futbola eta saskibaloia egingo genituzke eta hirugarrenean berriz lehen aipatutako kirolez aparte eskubaloia sartzen saitu nahiko genuke. Alebinetan berriz ikasleen esku uzten dugu aukeraketa eta normalean mutiletan futbola eta saskibaloia aukeratzen dute eta neskek berriz hockey-a eta futbola.
- Gurasoek hobeto ezagutu ditzaten, zeintzuk dira eskola kirola jardueraren helburu nagusiak?
Helburu nagusienak kirola eginez ondo pasatzea, hezitzea eta kirol ezberdinak ezagutzea da.
- Argi utzi nahi dut gure helburua ez dela goi-mailako kirolariak lortzea baizik eta kirolaren bitartez zuen seme-alabak hezitzea.
- Baina badira beste helburu batzuk ere:
- Norberaren gorputza ezagutzea, bakoitza bere gaitasun eta oztopoekin.
- Aurkari, epaile, entrenatzaile, taldekide eta norbere burua errespetatzea.
- Higiene eta osasun ohiturak hartzea.
- Talde lana bultzatzea (indibidualtasuna baztertuz).
- Jarduera horiek gidatzen zenbat kirol-hezitzaile zabiltzate?
Denera aurten 13 monitore aritu gara aurrez aipatu ditugun jarduera guztiak aurrera eramateko. Normalean kirola gustatzen eta kirol munduan murgilduta dagoen jendea izan ohi da. Gainera saiatzen gara kirolaren inguruko ikasketak (TAFYD, kirol magisteritza, IVEF) eginak edukitzea edo ikasketak burutzen aritzea, hala ere onartu beharra dago oso zaila izaten dela perfil honetako hainbeste jende aurkitzea. Azken urteotan ikastolako ikasle ohiei monitore izateko aukera ematen ari gara gainera.
2008-2009 ikasturteko monitoreak hauek dira:
- Prebenjaminekin (2.maila) Iker Duran eta ni aritu gara.
- Benjaminekin (3. eta 4.maila) Iker Duran, Koldo Barandiaran, Jon Gonzalez, Martin Aranegi, Imanol Mendizabal, Alex Cilveti, Ainhoa Garin, Paula Kalzakorta, Lander Arretxea, Mikel Rubio.
- Alebin mutilekin Iker Duran eta Xabier Agirre eta Alebin neskekin Imanol Mendizabal.
- Pelotako entrenatzailea berriz Iñaki Fernandez izan da.


